sábado, 1 de junio de 2013

Eskola Agenda 21: Interzentroa

Joan zaigun aste honetako asteazkenean, Eskola Agenda 21 proiektuaren Interzentroa izan genuen, IES Karrantza institutoaren liburutegian. Bertan DBHko eta Kontxa ikastetxeko Agenda 21eko ikasle ordezkariak bildu ziren, aurten proiektu honen inguruan  egin dugunari buruz hausnarketa egiteko eta Udal Foroa prestatzeko.
Kontxa ikastetxeko Eskola Agenda 21 proiekturako ikasle ordezkariak
(Leire Flores eta Hodei Herboso, 5 urte;  June Ortiz eta Eneko Hernáiz, 1. maila; Leire Arbeloa eta Eneko Mato, 2. maila; Ane Mazón eta Arrate Añibarro, 3. maila; Nerea Muñoz eta Izei Ortiz, 4. maila; Iruntze Hernández eta Gorka Larrinaga, 5. maila; eta Erika Maza eta Oier Mazón, 6. maila)


Enkarterriko eskoletan dauden Eskola Agenda 21 proiektu guztien koordinazio lanak biziki burutzen duen Jose Ignacio Guzmán Karrantzara hurbildu zen batzarraren dinamizatzaile gisa parte hartzeko.  Zalantzarik gabe, bere esperientzia mesedegarria izan zen.


Bakarka, talde txikitan zein talde handitan egindako jardueretan gure ikasleak jo ta ke aritu ziren, alkatearengana eramango ditugun informazioa, proposamenak eta eskaerak aurrera ateratzeko.
Ikasturtean zehar egin duguna (birziklaia, Talde Berdearen lana, Zuhaitz Eguna, Udazkeneko baso-irtenaldiak, barnetegiak, beste irteera batzuk...) gogoratu zuten; denon artean  ingurumena zaindu eta babestu behar dugula adierazi zuten, eta bide horretan gure eskolan zer egin dezakegun baloratu zuten.





Haien arteko elkarreragina interesgarritzat jo genuen, adin eta maila ezberdinetakoen arteko lana izan baitzen. Eurek adierazi zuten bezala, gure eskolan, Agenda 21eko ekintzetan ere elkarbizitza lantzen saiatzen gara. 

Nahiz eta maila ezberdinetan egon, euren arteko harremanak harro sentitzeko modukoak direla agerian geratu zen.





Seriotasun osoz hartu zituzten Jose Ignaziok proposaturiko zereginak. Batzutan, zailtasunak direla eta, ondokoari zein maisuari laguntza eskatu/eskaini zioten, egin beharreko lana ondo baino hobeto burutu nahi zuten eta.

Azkenean, alkatearengana eramango dugun testua, bozeramaleek, txandaka eta ozenki, aurkeztu zuten.
Adostasuna lortu ondoren, garbi idazteko konpromesua hartu zuten, eta ahalik eta lasterren  bi ikastetxeetako koordinatzeaileei eman beharko diete, testu osoa batzeko.
Laster batean, udaletxera joango gara. Bertan, alkatearekin hitz egiteko aukera izango dugu. Ziur aski, Karrantza hobetzeko eskaera bat baino gehiago luzatuko dizkiogu.
Eskerrik asko, Interzentro honetan parte hartu zuten guztiei!

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...