jueves, 14 de marzo de 2013

Alkizako Barnetegian: egonaldi ahaztezina (VI)

Martxoaren 7a, osteguna (4. eguna, azkena)
Bi taldeak
Hasiera bukaera omen du zor, eta hori ere iritsi da Karrantza eta Gasteizko lagunentzat. Gaur goizeko aurpegietan islatzen zen garbi, batetik gauaren itzal luzea, eta bestetik tristura lagun berriei agur egiteko orduaren hurbiltasunak eraginda. 
Galuja (Gasteiz) eta Argiñe (Karrantza)
Barnetegian lehen txanda zen ikasturte honetan bi taldek osatutakoa. baina aurreko urteetan badugu eskarmentu luzea gisa honetako egonaldiak direla eta. Eta egia esan, denetarik bizi izan dugu. Esperientzia onak, oso onak izan dira, baina onak izan ez direnak...
Ikram (Gasteiz) eta Ehari (Karrantza)
Beraz, bagenuen guztiak desagertu ziren hamabiak aldera, astelehenean Karrantzakoak autobusetik jaitsi eta handik ordu laurden batera. Ez baikenuen denbora gehiago behar izan garbi jakiteko Gasteizko eta Karrantzako ikasle horiekin zaila zela, guztia primeran ez joatea. Eta horrela gertatu da.
Oier (Karrantza) Arraterekin (Gasteizkoen andereño)
Lehen egunean, normala den moduan, bereziki mutilen artean kostatu egin zen hurbiltasuna ematea. Baina bigarren egunerako hori ere egina zegoen, neurri batean, ziurrenen, gizonezko irakasleak euren gelan egin zuelako lo, eta bidea erraztu zuelako. Jarrera ezin hobea agertu dute guztiek, lehen egondakoen kasuan gertatu izan ohi da beste batzuetan, harrotu egiten direla, besteei adierazi nahian eurek direla "beteranoenak". Baina ez da oraingoan inondik ere horrelakorik gertatu.
Juanma (Gasteiz) Aingerurekin (Karrantza)
Egunak aurrera egin ahala, harremanak asko estutu dira, eta askoz hobeak izan dira. Pentsatu nahi dugu programatutako ekintzek ere bere hondar alea jarri dutela hori horrela izan dadin. Ez dugu liskar bat izan, aurpegi txar bat ikusi. Benetan zoragarria izan da.
Alen (Karrantza), Otman eta Aitorren artean (biak Gasteizkoak)
Hori guztia, kontuan izanda gainera ez dugula istripu eta gorabeheren faltarik izan. Ikasle batek beso bat apurtu zuen, eta bizpahiru ikasle gaixotu ere egin ziren. Arrate eta Itxaso irakasleak bueltaka ibili ziren batetik bestera, baina neskato baten eskaiolaz gain, ez da bestelako ondoriorik izan. 
Mª José (Karrantza) Gasteizko neska batzurekin (Eli, Aya, Galuja eta Marcia) argazki hauetan

Eguraldiak ere, azken txandetan ez bezala, asko lagundu digu, eta pentsatutako ekintza guztiak egin ahal izan ditugu.
Patxi (Karrantza) eta Juanma (Gasteiz)
Eta euskaraz, zer? Eta euskara, zer? Etorri bezain pronto adierazi genien, goian aipatu bezala, errespetuz jokatzea bertako hizkuntzarekiko eskatuko geniela, baina baita ere esan genien ez genituela behartuko ia ezertara, ez harreman kontuetan, ez eta hizkuntza kontuetan ere. Betiko dilema gori-gorian azaldu zaigu. Nahi dugu hurbileko harreman bat sortu ikasleekin, nahi dugu gustura sentitzea, nahi dugu euskara dela eta bizipen trinko goxo bat eramatea, baina nekez lor daiteke hori euren artean lasai daudenean euskaraz hitz egitearekin, guk nahi edo nahi ez izan, euren artean euskaraz hitz egitea agindupean egiten duten zerbair bezala bizi dutelako, gehientsuenek behintzat. Gure eskarmentuak hori erakutsi digu. Orduan, urratzear dugun bidea honako hau da: aukerak eskaini euren arteko harremanetan hobe dezaten, aukerak eskaini norberaren besteekiko lotsak direla eta, apur batean behintzat aurrera egiteko, aukerak eskaini hizkuntzarekiko harremana beste modu batean bizi izateko, diskotekan dantzatzeko, kontaktu fisikoan areagotzeko, neska eta mutilen arteko hurbiltasuna bilatzeko, maitasunez prestatutako janariaz gozatzeko...
Erika (Karrantza) eta Juanma (Gasteiz)
Eta hori guztia euskara dela eta. Hori guztia, gauetako une ahaztezinak barne, euskarari esker. Horren bila gabiltza, hau da, euskara izan dadila zorion txikien iturri ere, noizbait hori gogoratuz, euren kabuz komunikazio tresna gisa aukeratuko detelakoan.
         
Bestalde, irakasleen lan aparta aipatu nahiko genuke. Bulegoa farmazia  txikia bihurtu dugunean, hor izan ditugu erne erizain gisa; gauetako giroa alaitu behar zenean, animatzaile gisa. Egunean zehar, gurekin, etengabe argazkietan guztia jasotzeaz gain, egonaldia bizitzen beste bat gehiago gisa. Ezin da gehiago eskatu.(Barnetegiko irakasleek idatzitako txostenetik hartuta)
Rober (Karrantzakoen maisua) Juan Luis eta Imanolen artean (Barnetegiko irakasleak)

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...