miércoles, 13 de marzo de 2013

Alkizako barnetegian: egonaldi ahaztezina (I)

Denbora pasatu arren, Alkizakoa ez zaigu ahaztuko, guretzat esperientzia ahaztezina izan baita. 


4 egun Alkizan nire 16 ikasleekin, ia ia 2.000 argazki, bideotxo batzuk ere bai... Gasteizko Ramón Bajo ikastetxeko 3. zikloko beste 12 ikasleekin egon gara Erretore etxean. Hamaika bizipen! Nire baitan hausnarketa ugari gero...

Baina bertan zer egin dugun kontatzen hasi baino lehen, Alkizako Barnetegiko irakasleei (Juan Luis, ArrateIdoia eta Imanol) omenaldi apala eskaini nahian, euren lana zertan datzan azaltzen saiatuko naiz; beti ere www.barnetegiak.net web orrialdean abiapuntua izanik.
Aipamen gozoa ere Eleni eta Joxe Ramonentzat (Otsamendi jatetxe eta Erretore etxeko arduradunak, hurrenez hurren).

Alkizako barnetegia, Barria, Lemoiz, Elgoibar eta Segurakoekin batera, Euskal Girotze Barnetegiak dira; hau da, "Euskal Eskolak, euskaldunon eskolak. Bertan ez dago testu libururik, ezta azterketarik ere, baina eskolak dira. Eskola guztientzako laguntza-zerbitzu bat dira."
Erretore etxea, Alkizako Barnetegia

www. barnetegiak.net web orrialdean halaxe diote:
"Eskolan euskarak normaltasuna iristen laguntzeko, bere tokia izan dezan. Euskal Eskolak ikasleari euskararen ezagutza ez ezik, hura erabiltzeko aukera ere eman behar dio. Hitz egiten ezin da ikasi hitz egin gabe. Igeri egiten ikasi duenak igerilekuan nola, horrelaxe murgildu behar du, behar dugu, euskaraz hitz egiten ikasiko duena, ikasiko badu behintzat, euskararen uretan, gure hizkuntzaren erabileraren eremuan. Haurra girotu egin behar gugu, erakarri, hurbildu.
Hurbiltasunetik bakarrik eman dakiokeelako beharrezko berotasuna, bere gogoa hauspotuko duena.
Bere lekuan jarrita bakarrik, enpatiatik, ulertuko ditugu bere nahi eta ezinak, haren zalantzak, haren gogoa.
Horretarako daude barnetegiak, Euskal Girotze Barnetegiak, ikaslea girotzeko, euskaraz girotzeko. Eskolatik atera eta, barnetegian, aparteko etxe eta giro batean, bestelako giro batean murgiltzeko, barneratzeko, euskaraz eta euskaratik.
Barnetegietan jolastu egiten dugu, eta sentitu, gozatu, hitz egin, komunikatu, abestu, motibatu, berba egin, dantzan egin, mozorrotu, lagundu, mintzatu, hausnartu, mendian ibili, indartu, solastatu, natura ezagutu, harritu, alaitu, ele egin, ikasi, irribarre egin, maitatu, kalakan aritu, hurbildu, saiatu, hobetu, hizketan jardun, errespetatu, egokitu, bizitu...
Horiek denak dira barnetegietako aditzak, horiek eta gehiago, beste asko. Euskal Girotze Barnetegietan hori dena egiten baitute ikasleek; eta, horrela, euskararekiko harreman berri bat atzematen dute, girotu egiten dira eta euskara barneratzen dute."
Aingeru euskal abesti eta olerki emanaldian

Baina, jakin dezagun Euskal Girotze Barnetegien historia, euren web orrialdean kontatzen digutena, hain zuzen ere:

"2010ean Euskal Girotze Barnetegien 25. urteurrena ospatu genuen. Egun hartako ospakizunean, bost barnetegietako orduko monitore guztiak elkartu ginen, baita aurretik ibilitako batzuk ere.
Bestelako edozein urteurren-ospakizunetan bezala, barnetegiotako begiraleok ere egun hura iragana oroitzeko baliatu genuen, emandako urratsez gogoratzeko.
Egun hartan Euskal Autonomia Erkidegoko geografiako hainbat herri elkartu ziren gure oroitzapenetan: Euba, Gaztelu, Alkiza, Plentzia, Elgoibar, Segura, Espejo, Barria, Urduña eta Lemoiz. Herri horietan denetan egon baita barnetegia, Euskal Girotze Barnegien historiako uneren batean.
Lehenengo barnetegia 1985ean sortu zen Bizkaiko Zornotza udalerriko Euba auzoan. Atzerago jo beharra dugu, hala ere, barnetegien jatorrira iritsi nahi badugu: barnetegien sorrera ekarri zuten lege eta erabakietara.
1982. Azaroaren 22ko Legeak dioenez, euskararen erabilera arautzekoak, ikasleek derrigorrezko ikasketak bukatzen dituztenerako bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ahoz eta idatziz, behar bezala ezagutu behar dituzte.
1983. Abuztuaren 1eko Aginduak dioenez, Hezkuntza Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu eskola giroan euskararen erabilera bermatzeko.
1985. Aurreko lege eta aginduak oinarri hartuta, ekainaren 17ko Aginduz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Girotze Barnetegiak eratzea erabaki zuen.
1985. Irailean lehenengo barnetegia zabaldu zen Euban (Zornotzan).
1988. Eubako barnetegiaren emaitza onak ikusita, Sailak bigarren barnetegia zabaltzea erabaki zuen. Gipuzkoako Gaztelu herrian kokatu zuten.
1990. Barnetegiak bidea egiten ari ziren. Ordurako proiektua sendotuta zegoen. Eta Sailak barnetegien sareari egitura finkoa ematea erabaki zuen: maiatzaren 29ko Dekretuak barnetegien sorrera eta jarduera arautu zuen. Urte hartako ekainaren 19ko Aginduak zehaztu zuen barnetegietako langileen osaera, eta lanpostuak betetzeko merezimendu-lehiaketarako deialdia egin zuen.
1990Alkizan hirugarrena ireki zuten. Barnetegien sarea osatzen ari zen.
1990. Ordura arte Euban egondako barnetegia Plentziako aterpetxera pasatu zen.
1991. Laugarrena iritsi zen. Aurrekoetan bezala, barnetegiak mendi aldera jo zuen, baserri batean zabaldu baitzen. Elgoibarren izan zen, hango Aubixa baserrian.
1996Segurak ateak zabaldu zizkion bosgarren barnetegiari. Era horretan, osatuta geratu zen bost barnetegiko sarea; geroztik, horretan geratu baita kopurua.
1997. Urte hartan Barnetegien Antolamendu Batzordeak bost eguneko egonaldi batzuk egitea erabaki zuen, proba moduan, Alkizan eta Plentzian. Ordura arte, lehenengo barnetegia sortu zenetik, egonaldiak 12 egunekoak izan ziren, bi aste jarraian, tarteko asteburua barne.
1998-1999. Bost eguneko egonaldien probak egin eta haien balorazioa ontzat jota, 1999-2000 ikasturtetik aurrera egonaldi guztiak bost egunekoak izan dira barnetegietan.
1999. Ikasturte hartan, barnetegien sareak Araba aldera jo zuen, Espejora. Ordura arte Gaztelun egondakoa ordezkatu zuen Espejokoak. Lurraldetasunaren ikuspegitik, orekatu egin zen pixka bat barnetegien sarea.
2005. Espejoko aterpetxean egin beharreko obrak zirela eta, barnetegiak aterpetxe hura utzi eta Barriara jo zuen. Barnetegiak Arabako lurretan segitzen zuen.
2009. Espejon gertatutako gauza bera gertatu zen Plentzian: hango aterpetxea eraberritu egin behar zutela-eta barnetegiak beste batera jo behar izan zuen, Urduñakora.
2011. Urduñakoa, nolanahi ere, behin-behineko urratsa izan zen barnetegien historian. Han bi ikasturtez egon ondoren, barnegiak Lemoizera jo zuen, Lemoizko Goikomendi baserrira.

Alkiza herriko irudia Joxe Ramonen etxetik

Euskal Girotze Barnetegien metodologia

AZALPENA
"Hizkuntza gutxituak biziberritzeko ahaleginean dihardugunon artean, nahikoa onartuta dago hizkuntzaren ezagutza, erabilera eta motibazioa elkar osatzen duten gorputz bereko atalak direla, jaki beraren osagaiak.
Euskara biziberritzeko ahaleginean gabiltzanon artean, Euskal Eskolak aparteko lekua du. Azken 30 urteotan Euskal Eskolak euskararen berreskurapenean eman dituen urratsak izugarriak dira; gizarteari egin dion ekarpena, erraldoia.
Baieztapen hori, oro har, onartua eta aitortua dio euskal gizarteak Euskal Eskolari. Baina, era berean, nahikoa zabalduta dago honako iritzi hau ere: euskararen ezagutzan egindako aurrerapena ez dator bat hizkuntzaren erabileran egindakoarekin. Ikasleek ez dute erabiltzen ezagutzatik espero litekeen haina. Hortik ondorio garbi bat ere atera dugu: eskolak berak bakarrik ezin du, eskola gizartean txertatuta dago eta gizarteko gainontzeko eragile guztiekin batera egingo du aurrera, egingo badu.
Euskal Girotze Barnetegiak ere eskola dira, baina eskola bereziak: barnetegietan euskararen erabilera eta haren aldeko motibazioa dira langaia eta helburua. Haietan ez dago bestelako ikasgairik. Barnetegion azken urteotako ibilbideak erakutsi digu barnetegia eskolaren osagarria dela. Ikasleari eskolak ematen dion hizkuntzaren ezagutza osatzera dator barnetegiko egonaldia. Barnetegian ikasleari hizkuntza erabiltzeko aukera ematen diogu; baina, batez ere, erabiltzera motibatzen dugu. Barnetegiak pasatu dira ikasleek euskara erabiltzea helburu izatetik, ikasleek euskara erabili nahi izatea helburu izatera.
Pausu hori funtsezkoa da. Ikasleak nahi ez badu, ez du egingo, alferrik da. Behartzen baduzu, presionatzen baduzu, presioak irauten duen denboran bakarrik egingo du, hura amaitzearekin batera bukatuko da haren erabilera. Norabide batean indarrez bultza egiten badiozu norbaiti, hark kontrako bidean egingo du ahalegina. Lege natural batek agintzen du hori. Are gehiago, modu positiboan motibatzen baduzu ere, ikasleak nahi ez badu, ez du egingo. Hortaz, barnetegiak aukera bat eman behar dio ikasleari eta taldeari. Barnetegia aukera bat izango da, bertaratzen denarentzat. Beste biderik ez dago, ez dugu: ikasleak euskara erabili nahi izatera ekarri behar ditugu.
Hori nola egiten da? Bide horretan zer egin daiteke lauzpabost eguneko egonaldi batean? Ba, modu bakarra dago, ikaslea bihurtu behar dugu protagonista, pertsona da bide honetako erdigune eta abiapuntu. Pertsona horrengan eragin nahi badugu, haren izaera eta egoera onartzetik abiatuta, elkarrekin egin behar dugu bidea; kontuan hartuz, gainera, pertsona hori talde baten barruan dagoela. Ikasgela osoko kideak ditugu barnetegietako gure langaia, ikasleak eta taldea bera. Taldearen hizkuntzaren erabilera, aztergai.
Euskarara erakarri nahi baditugu, euskararantz motibatu, ikasleak pentsatu egin behar du hizkuntzaren gaia, hausnartu: zergatik, zertarako, nola...? galderak eginez, iritziak elkartrukatu daitezke, komunikaziorako jokaerak adostu. Baina, era berean, sentitu egin behar da, hizkuntzaren gaia ikasleak sentitu egin behar du bere baitan. Azkenik, egin egingo du proposatutakoa, edo ez du egingo. Haren aukera da.
Pentsatu, sentitu eta egin. Bide horretan, ikasleak burua, bihotza eta gorputza, atal guztiak erabiliko ditu. Pertsona bere osotasunean hartu behar dugu aintzat, eta bidea taldearen barruan urratuko du, gainontzeko kideekin batera. Barnetegiak horretarako aukera emango dio, aukera modu positibo eta erakargarrian eskainiko dio. Horrek eragina izan dezake pertsonak hizkuntzarekin duen harremanean, hizkuntzarekiko bestelako jarrera bat izatera eraman dezake eta, ondorioz, bestelako jokaera."  (Informazio iturria: www.barnetegiak.net)

ESALDI ESANGURATSUAK

Aipamenak
  • Agian ahaztuko dute esan diezuna, baina ez dute ahaztuko sentiarazi diezuna.
  • Betikoa egiten baduzu, betikoa lortuko duzu.
  • Goxotasunaren pedagogia aldarrikatu beharko genuke.
Pertsona
  • Bizitzan konstante mantentzen den gauza bakarra aldaketa da.
  • Pertsona erdian esaten dugunean, beti bestea irudikatzen dugu erdian, baina benetan gu gaude erdian, gainontzeko guztia gure proiekzioa da. Ezin dugu ezer egin gugandik hasi gabe.
  • Norbere indarguneak, trebeziak… antzemateak ziurtasuna eta konfiantza sortzen ditu. Horietaz baliatu.
Taldea
  • Elkarrekin eraikitzeko, elkarren berdintasunetik abiatu behar dugu; gainetik jartzen bagara, nekez egingo dugu aurrera. Botere-harremanak berdinen arteko harremanak bihurtu behar dira.
  • Talde bakoitza berezia da eta bere bidea egingo du, bere errealitatetik abiatuta, unean uneko aukeren arabera. Egunerokotasunean dituzten zailtasunak, ezinak… hartu behar dira kontuan. Bateratzen dituen eta talde bihurtzen dituen helburu komuna bilatu behar da.
  • Elkarlana dagoen tokian, emaitzak hobeak dira.
Oztopoak
  • Epaitzea. Norberak esatea zer dagoen ondo, zer, gaizki… Dena erlatiboa da.
  • Aukerak baztertzea. Aldez aurretik ezinezkotzat jotzea.
  • Metodologia zehatzik ez dugula onartzea kosta egiten zaigu. Egunez egun jorratu behar dugu metodologia, eta horrek arazoak sortzen ditu lan taldean.
Prozesuaren diseinua
  • Irakasleentzat ohikoak ez diren saio alaiak prestatu behar dira, hunkigarriak, harrigarriak, dinamikoak…: zerbait berria eta desberdina eskaintzen diena: informazioa, metodologia, baliabideak.
  • Jendeak benetan dituen kezketan oinarritu behar da eta zentzua izan behar du.
  • Gatazkak eta tentsioak prozesuaren ezaugarriak dira. Ateratzen direnean, heldu egin behar zaie.
Prozesua hasi aurretik
  • Aukera anitzak daude eta kontziente izan behar dugu. Ahalik eta ate gehien izan behar da irekita.
  • Reflect ekintza metodologiak bi dialektika sustatzen ditu: ekintza-hausnarketa-ekintza; praktika-teoria-praktika; edo pertsona-taldea-pertsona; indibiduala-kolektiboa-indibiduala.
  • Norberak bizi ez duena, ezinezkoa da besteei biziaraztea. Inkoherentzia agerian geratzen da.
Prozesuan bertan
  • Kideen arteko berdintasunean eta errespetuan oinarritu behar da prozesua.
  • Pertsona planifikazioa baino garrantzitsuagoa da.
  • Kritika onartzea oinarrizkoa izan daiteke. Partaideei uzten diegunean kontrako iritzia ematen, taldea irekitzen ari da eta prozesuan aurreratzen.
Prozesu amaieran
  • Arrakastaren edo porrotaren gakoak antzeman egin behar dira; hurrengorako, kontuan izateko.
  • Gutxi badira ere, emaitza praktikoak ikusi behar dira prozesuaren amaieran: adostutako irizpide batzuk, erabiltzeko estrategia edo baliabide batzuk, guztiok kontuan hartzeko ideiaren bat egunerokotasunean praktikan erabili edo gauzatzeko erabakiren bat… urrats txikiak baina errealitatean eginikoak, baliagarriak.
  • Askotan jendea ukituta doa, barrutik mugituta, berarentzat agian ez da erraza izan, sufritu egin du, ez zaio gustatu. Guk askotan nahasten dugu berari ez gustatzea, kostatzea eta gaizki ateratzea. Prozesuak ez dira egiten ondo pasatzeko, baizik eta aldaketa bat bilatzeko.
2011ko abenduan, Seguran, ebaluazio saioaren barruan, eraldaketa-prozesuak definitzeko egindako saioan aukeratutako ideiak.

ALKIZAKO BARNETEGIA
Non dago?
Alkizako erdigunean dago. Alkiza nekazari giroko herri txiki eta polit bat da, Gipuzkoaren erdi-erdian dagoena, Tolosaldean, Ernio mendiaren magalean. Alkizan 347 biztanle bizi dira.
Alkizara joateko bi bide daude: Tolosatik gertu dagoen Anoeta izeneko herritik abiatzen den errepidea (5 km.), edo Billabona eta Asteasu lotzen dituen errepidetik abiatzen dena (4 km.).
Alkizako hiribilduak edo kaskoak 348 metroko altuera du, mendiz eta basoz inguratua.
Alkizak eskola txiki bat du, barnetegiaren ondoan kokatua, eta 12 urte bitarteko herriko neska-mutilek bertan egiten dituzte euren ikasketak.
Udaletxea, eliza, plaza, parkea, pilotalekua eta hiru tabernak osatzen dute, zenbait etxerekin batera, Alkizako hiribildua edo kaskoa. Etxe horietako batean dago barnetegia, hain zuzen ere, duela bi mende harriz eta egurrez eraikitako Erretore etxean. Alkizako plazan asko nabarmentzen den etxe honek pilotalekua eta parkea ere bertan ditu. Otorduak oso gertu dagoen Otsamendi jatetxean egiten dituzte  barnetegiko ikasleek.
  Ernio mendia elurtuta Erretore etxetik ikus daiteke. Barnetegitik oso hurbil Alkizako eskola publikoa (goiko irudian). Beheko irudian Erretore etxea, Alkizako Barnetegia.
Etxea
Gure etxeak hiru solairu ditu eta ganbara bat. Lehen solairua izan ezik, gainontzekoak guk erabiltzen ditugu.
Lehen solairuan, Alkizako kultur etxea dago.  Eta beheko solairuaren zati bat apaizaren etxeak hartzen du. Solairu horretako alderdi batean, komunak eta galdara-gela daude; beste aldean, guk “diskoteka” moduan eta beste zenbait jolasetarako erabiltzen dugun gelatxoa dago, futbolin bat eta oinetakoak eta kirol materiala uzteko lekua.
Bigarren solairuan, honakoak ditugu: logelak, komunak, dutxak, sukaldea (ekintza batzuetarako erabiltzen duguna), irakasleen gela, bulegoa eta ordenagailu-gela.
Hirugarren solairuan ganbara dago. Han, erabilera anitzeko gela erraldoia dugu. Bertan ditugu liburutegia, musika ekipoa, telebista, proiektoreak, hainbat jolas... Irakasleentzako komun bat, ikasleentzako beste bat, eta trasteleku pare bat ere badaude ganbara horretan.

ARAUDIA
Etxe barruan
  • Gure etxea Gipuzkoako Gotzaindegiarena da. Alkizako erretoreak pertsona bat du izendatua, etxeko arduradun nagusi gisa.
  • Monitoreak ez daudenean, beharren bat izanez gero, arduradunarengana jo behar duzue. Telefono zenbakiak bulegoan daude.
  • Erabilera desegokiaren ondorioz arazoren bat balego (zerbait puskatu edo), etxeko arduradunarekin hitz egin beharko duzue, edota gutariko batekin komentatu.
  • Garbitzailea (arduraduna bera), egunero pasatzen da garbiketa orokorra egitera ikasleak gosaltzera joan eta gero. Ordurako, oheak eginda eta arropak eta oinetakoak txukun jasoak egon behar dute.
  • Berogailuaren mantenua arduradunari dagokio. Debekatua dago eskuoihalak (toailak) erradiadoreen gainean uztea.
  • Ohe gainean, haurrak ezin izango dira inola ere saltoka edo jolasean ibili; era horretan, ohe bat baino gehiago apurtu baita.
  • Irakasle-monitoreek emango dizuete behar duzuen informazioa, barnetegiko ikus-entzunezko nahiz bestelako aparailuei buruz. Galdetu beldurrik gabe.
  • Haurrak goiko solairuetara igotzeko, etxeko zapatilak jantzi behar dituzte, beheko solairuan horretarako dagoen lekuan.
  • Gauean bereziki, mesedez, beheko solairuko eta ganbarako argiak itzaltzeaz arduratu.
  • Bat-batean, etxean argirik gabe geratuz gero, begiratu sarrerako atearen ezkerraldean dagoen kutxatxoaren barruan, ea automatikoak saltatu duen; eta horrela bada, beherantz dagoen teklatxoa gorantz jarri.
Herrian, jolaslekuan, jantokian
  • Janariarekin arazoak dituen ikaslerik balego, etorri aurretik jakinarazi mesedez irakasle-monitoreei.
  • Jangelara joateko errepidea zeharkatu behar denez, nahiz eta automobil gutxi ibili, arretaz ibiltzea eskatzen dizuegu.
  • Jangelan ikasle-arduradunei laguntzea eskatuko zaie: ontziak pilatzen, zerbait banatzen...
  • Jangelara joan aurretik, komunean egin beharrekoak, barnetegian bertan egingo dira.
  • Haurrek herri ingurua errespetatu egin behar dute.
  • Herriko eskolakoek soinketarako edo psikomotrizitaterako beste lekurik ez dutenez, Udalaren aginduz, ikastorduen barnean lehentasuna dute frontoia erabiltzeko.
  • Haurrak, jolas garai librea dutenean, ez dira plaza ingurutik irtengo.
  • Irakasleari eskatzen diogu arreta berezia jar dezan, haurrak plazan daudenean, arriskutsu gerta daitezkeen petriletan ibil ez daitezen.











Iskander eta Markel ping-pongean. Maider eta Erika, frontoian jolasten

Beste zenbait gauza

  • Ikasleek ezin dute egonaldian zehar etxera telefonoz deitu, salbuespenak salbuespen.
  • Ikasleen gaixotasun edo istripuen aurrean egin behar denari buruzko informazioa, barnetegira etortzean emango zaizue.
  • Egonaldiaren amaieran, monitoreek bideo kamerarekin grabatutako guztiaren kopia emango zaizue.
  • Taldean behar bereziren bat duen ikaslerik izanez gero, jarri harremanetan gurekin aldez aurretik.
  • Taldeak hala erabakitzen badu, ikasle bakoitzak euro bana ekar dezake, zaldi gainean ibiltzera joaten garen egunean gastatzeko.
  • Barnetegian badugu kiroletako zenbait material: erraketak, pilotak, baloiak..., haurrak kanpoan daudenean jolasean aritzeko.
Ikasleen ordutegia
8:00etan,     Jaiki, garbitasun pertsonala eta logelak txukundu.
8:30ean,      Gosaria.
9:00etan      Antolatutako ekintzak.
11:45ean     Jolas garaia.
12:15ean     Antolatutako ekintzak.
13:00etan    Bazkaria. Denbora librea. Eguraldi txarrik ez badago, ikasleak kanpoan egotea komeni  
                  da. Ezin da logeletan jolasean ibili.
14:30ean     Antolatutako ekintzak.
17:00etan    Jolas garaia. Askaria.
17:30ean     Antolatutako ekintzak.
18:30ean     Denbora librea.
20:00etan    Afaria
21:00etan    Gaueko ekintzak.
22:30ean     Ixiltasuna.

Besarkada haundi bat Alkizako lagunentzat!
Juan Luis, Rober eta Imanol


Hizkuntza dela eta, ohar batzuk
Zer egin beharko genuke?
  • Ikasleei beti euskaraz egin. Ez kontuan hartu beraiek nola erantzuten duten, guk beti euskaraz egin behar diegu. Gerta daiteke ikasle batzuek euskaraz ez jakitea. Kasu horretan momentu puntual batzuetan haiei gaztelaniaz egin diezaiekegu.
  • Ahal dugun guztietan beraiekin batera aritu eta beraien elkarrizketetan parte hartu: elkarrizketa berri bat sortu, beraiekin jolasten hasi... Modu horretan, beraiekin elkarrizketan arituz, elkarrizketa hori euskarara bideratu ahal izango dugu.
  • Errefortzu positiboa eman: ohikoa ez den egoera batean euskaraz entzuten ditugunean portaera hori txalotu, baloratu, goraipatu. Jarrera hori barneratzen badugu, askotan izango dugu hori egiteko parada.
  • Tarteka ez ulertuarena egin (gure burua eroso ikusten badugu hori egiten). Zerbait gaztelaniaz esaten dutenean, modu honetako esaldiak erabili: Barkatu? (eta errepika dezala), Nola? (eta errepika dezala). Ikusi dezatela guri euskaraz egitea nahi dugula. Estrategia osagarria da eta ezin da edozeinekin erabili: euskaraz nahiko erraz aritzeko gaitasuna dutenekin izan behar du, eta gurekin harremana euskaraz finkatzea lortu dezakegula ikusten dugunean.
Zer ez dugu egin behar?
  • Ez erabili Egin euskaraz! edo antzeko esaldiak.
  • Ez kargu hartu euskaraz egiten ez dutelako, ez errudun sentiarazi.
  • Ez zuzendu: komunikatzen badira nahikoa da. Ez zaigu gehiegi axola barnetegian euskara zuzena erabiltzen duten edo ez. Asko eta gustura erabiltzen badute hobetuko dute, baina ez badute erabiltzen ez dute inoiz hobetuko.
  • Hizkuntza kontuetan behintzat, ez zigorrik eta ez mehatxurik. Ez dugu ezer aurreratuko. 
          - Normala da haurrek gaztelaniarako joera izatea, are gehiago ama hizkuntza gaztelania denean, erraztasun eta aberastasun handiagoa baitute gaztelaniaz. Gainera, inguruak (auzoak, hiriak...) nagusiki gaztelania eskaintzen die. Beraz, normaltzat hartu behar dugu joera hori.
          - Euskararekin harreman handia eta positiboa izatea nahi dugu. Horrelako estrategiekin ez dugu lortzen harremana handitzea, eta, gainera, harreman hori negatiboa da. Gure eragina handiagoa edo txikiagoa izan, positiboa izatea da lortu behar duguna.

Informazio iturria: Alkizako Barnetegiko irakasleek ikastetxetako irakasleei emandako testua.

Alkizako Barnetegian elkarrekin egon garenok: 28 ikasle eta  3 irakasle 
(Karrantzako 16ak, nirekin; eta  Gasteizko 12ak, andereño Arrate eta Itxasorekin )

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...